30.06.2021 Views

BOGA 2021

Create successful ePaper yourself

Turn your PDF publications into a flip-book with our unique Google optimized e-Paper software.

Eta azken bandera?

Bai, hori bai. Azkena iaz izan zen, Aresen. Hirugarren kaletik kriston estropada

egin genuen, Santurtziri ia lau segundo atera genizkion, eta lider jarri ginen.

Bi bandera horien artean zenbat irabazi dituzun?

Ez dakit, baino 100 inguru izango dira. Zehazki 106. Egia esan asko dira, eta

harro sentitzen naiz. Hala ere, atzean lan asko dago. Egia da ere zortea izan

dudala, baina hein batean izan ditudan taldekideei esker eman den zerbait da.

Horrela ikusirik, polita da hainbeste urteko lanak izan duen emaitza.

Xabier Etxebeste (Zarautz, 1980) Go Fit Hondarribiako traineruan dabil

2014. denboralditik. Lehen edizioan izan ezik, ACTren gainontzeko denboraldi

guztietan parte hartu ditu, 267 estropadetan parte hartu duelarik. Guztira

6 Liga irabazi ditu hiru talde ezberdinekin Castro (2009), Kaiku (2011, 2012

eta 2013) eta Hondarribia (2014 eta 2015), eta birritan eskuratu du denboraldi

batean lortutako garaipen kopuruaren errekorra (13 garaipen)

18. partaidetza izango duzu Eusko Label Ligan, erraz esaten da,

baino goi mailan urte asko dira.

Bai, egia esan bertigoa ematen du atzera begiratzea, baina horrek esan

nahi du gutxi falta zaidala arraunlari bezala.

Lehen edizioa izan ezik, Eusko Labelen edizio guztietan izan zara.

Hori da, lehen urtean 2003an San Pedron nengoen, eta ez nintzen ACTn

izan. Hurrengo denboraldian Oriora joan nintzen, eta han debutatzeko

aukera izan nuen. Pozik nago, azkenean, hainbeste urte arraunaren goi

mailan egotea, harro egoteko modukoa da.

Ligako edizio asko dituzu gainean, nola aldatu da hasieratik?

Prestakuntza aldetik erabat aldatu da. Oroitzen dut, hasieran entrenamenduak

oso gogorrak izaten zirela. Orduan entrenamendu kantitateari garrantzi

gehiago ematen zitzaion kalitateari baino. Orain prestatzaileak oso fin izaten

dira entrenamenduak jartzen, badakite kirolariak momentuoro zer behar

duen. Ni Jon Marinekin aritzen naiz, eta berak dena oso ondo neurtuta

dauka. Profesionaltasun hori gehiago ikusten dut, bai prestakuntza aldetik,

bai klub aldetik eta baita arraunlarien aldetik ere, gehiago zainduta gaude.

Gorputzak eta fisikoak aldatu dira, nik uste traineruen aldaketek eta platanitoen

aldaketek zer ikusia izan dute. Orain pisu gutxirekin ere azkar ibil

daiteke. Izan ere, pisu gutxi izateak ez du esan nahi indarra ez izatea eta

egurra ez ematea.

Ligari dagokionez, poliki poliki garrantzi handiagoa dauka arraun munduan.

Badakigu Donostiako estropadak (Kontxa) historia bat duela atzetik, baina

Ligak hemendik 20-25 urteetara historia gehiago izanda, beste urrats batzuk

emango ditu. Ikusten dut arraunlarien artean, orain Ligari garrantzia

ematen dietela. ACTren hasieran, Ligan bandera batzuk irabaztea ondo

zegoen, baino garrantzitsuena Kontxa zen. Seinale ona izango litzake

hemendik 20 urtera Ligak jarraitzea, eta historiak ematen duen pisua hartzea.

Horrek esan nahi du arraunak udaran pil-pilean jarraituko duela.

267 estropada egin dituzu orainarte.

Batzuk badira bai. Ez nekien kopurua.

Lehen estropada oroitzen duzu?

Egia esan, ez. Badakit Oriorekin izan zela, baina ez dakit non. (Orion izan

zen lehen estropadan 2004ko uztailaren 3an).

Eta lehen bandera oroitzen duzu?

Bai, Bermeorekin 2006. Urtean izan zen, Pasaiako Banderan. Gogoratzen dut

estropada hori lehen tandatik irabazi genuela.

Haizea aldatu egin zen, haize gehiago sartu

zen, eta horrek gure alde egin zuen. Denbora

onena egin genuen haizeari esker. Batzuetan

estropada hobeagoak egiten genituen, baina

estropada hartan zortea izan genuen baldintzekin.

136

267 estropada eta 106 garaipen, ia %40ko portzentaia

Datua horrela ikusirik harrigarria da. Arraunak irakasten dizun gauzetako bat

da gehiago galtzen dezula irabazi baino. Kasu honetan ere horrela da, nahiz

eta gutxigatik izan. Argi dago begi ona izan dudala taldeak aukeratzeko

(barre egiten du).

Bi urtez gainera, denboraldi bateko garaipen kopuruaren errekorra

ere lortu duzu (13 garaipen).

Bai, Castrorekin 2009. urtean eta Hondarribiarekin 2015.an puntuen errekorra

ere lortu genuen (217 puntu). Oso zaila da, izan ere badakigu arraunean

nahiz eta traineru azkarra izan, baldintzek bere garrantzia izaten dutela.

Horrek zailago egiten du urte bakar batean 13 garaipen lortzea.

Zu joan zaren taldeetan bolada ona izan duzue. Lehenik

Castrorekin (2008-2010), gero Kaikurekin (2011-2013) eta orain

Hondarribian (2014-).

Taldea aukeratzeko aukera duzunean, eta ongi asmatzeak duen garrantzia

ikusten da. Beste aukera batzuk aukeratuko banitu, ez ginateke bandera

kopuru hauetaz hitz egiten egongo, edota irabazitako 6 ligaz. Egia da zortea

izan dudala eta joan naizen klubak goi mailakoak izan direla.

Castron lehen Liga lortu zenuen. Gero Kaikun hiru Liga jarraian,

eta Hondarribira joan, eta han beste bi. Guztira 6 Liga, eta horietako

bost jarraian.

Kaikuko garai honak tokatu zitzaizkidan. Hiru liga irabazi genituen jarraian,

eta Hondarribira joan nintzenean, etxeko arraunlari oso onak zeuden, eta

bi liga irabazi genituen. Oso talde polita genuen, eta etorri naizenetik

(2014) beti goian izan gara.

Bost Liga irabazi ondoren, Hondarribirekin bost urtez jarraian

bigarren postuan izan zarete.

Ez nintzen ohartu, baina horrela ikusita urtero hor egoten garela esan nahi

du. Meritu gehiago ematen dio kirol bizitzari, nahiz eta ez irabazi, beti hor

egon gara. Beti izan gara lehiakorrak.

Pertsonalki, esan dugu urte asko daramazula goi mailan, baina

azken urteetan ia beti zaude. Azken hiru denboraldietan bi

suplentzi baino ez dituzu izan.

Nahiko ondo sentitzen naiz, nahiz eta nire gorabeherak ditudan. Egia da

azken denboraldietan asko jokatu dudala, baina lana ongi egiten dudan seinalea

da. Gainera, Mikelen (Orbañanos) konfidantza daukat. Halere, horrek

ez du ezer esan nahi, izan ere, edozein uneetan alda badaiteke. Taldeko

denok maila altua dugu, eta edonork joka dezake. Bat joan, ala bestea, ez

da asko igertzen. Entrenatzaileak nigan duen konfidantzarekin jarraitzea

espero dut, eta bestela, taldeari ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz.

Lesioei dagokionez, orokorrean nahiko ondo ibili naiz. Ez dut lesio askorik

izan, 2017an "mononucleosis" bat hartu nuen, eta denboraldira nahikoa

justu heldu nintzen. Uztailean ezin izan nuen parte hartu, baina azken zatian

bai (azkenean 8 jardunalditan parte hartu zuen denboraldian).

Aurtengo sasoirako nola ikusten duzu zure burua?

Aurten beranduago hasi naiz entrenatzen, eta fisikoki maila onean jartzea kostatzen

ari zait. Saiatuko naiz ahalik eta sasoikoen egoten, urteek ez baitute

barkatzen. Taldeari dagokionez, maila onean ikusten dut, eta ea Ligako lehian

izaten garen. Gustatuko litzaidake taldekide batzuk bere lehen liga irabazten

ikustea, nahiz eta jakitun garen oso zaila dela liga bat irabaztea.

Hooray! Your file is uploaded and ready to be published.

Saved successfully!

Ooh no, something went wrong!