Lezo: ondarea eta hiri garapena Ondarea artxibo bizia da, eta bertan komunitate baten, herri baten nortasuna eta identitatea islatzen da. Hari esker, herri jakin batek, izan duen bilakaera historikoa ez ezik, bere identitatea pixkanaka osatzen joan diren elementu material zein inmaterialekiko jarrera ere erakusten digu. Lezok, hortaz, berezko historia osatu du, bizi duen esparru historiko, geografiko eta administratiboak baldintzatuta, inondik ere. Eta prozesu horrek ondare propioa sortu du, non garai bakoitzeko ezaugarriek eta protagonistek hainbat aztarna utzi baitituzte. Zentzu horretan, beraz, ondarea paregabea da, bakarra, garai bakoitzeko gizarte taldeen esku-hartze, hautatze eta balioztatzeek harekiko begirunean eta zaintzeko moduan izan baitute eragina. Guillermo Lazonen oinetxearen aztarnek, Markesame parkean, Lezo sortu zen garaira eramaten gaituzte: XIII. mendera; erlijio sineskeren indarra darie <strong>Lezoko</strong> San Joan Bataiatzailearen Eliza ikaragarriari eta Gurutze Santuaren Basilikari; baserriak, era berean, jada desagertu diren jarduera ekonomiko eta egituratze sozial eta administratibo baten lekuko dira; Jaizkibelgo dorreak Lezok duen egoera estrategikoa gogorarazten digute, eta, batez ere, XIX. mendeko karlistaldietan nabarmentzen dira; azkenik, 60ko hamarkadaren bukaeran eraikitako pabiloi eta industrialdeek esparru ekonomiko berri bat eta lurraldearen antolakuntza desberdina ekartzen digute gogora. Izan ere, denok ezagutzen dugun Lezo hori, gaur egungo paisaia, ondarea eta guzti, bere testuinguru historiko eta bilakaeraren isla da. Dena den, bilakaera horren eraginez, ez daude islatuta garai eta jarduera guztiak. Hortaz, askotan, dokumentuak dira haien berme bakarrak; hala gertatzen da, esate baterako, portuaren garai bateko industria jarduera eta okupazioarekin. Aro historikoko Lezoren aipamenik zaharrena 1203 urtean Alfonso VIII.a erregeak Hondarribiari emandako pribilegioa da, zeinean Guillermo Lazoni eta haren kideei ingurune hau eskaini baitzien hondarribiarren bizilagunak izan zitezen. Garai horretatik aurrera Hondarribiaren menpekoa izan zen, baina Unibertsitatea zen aldetik, haren muga propioak zituen, behar bezala zedarrituta eta hiribildutik bereizita, eta administrazio ekonomiko beregaina, errejidore kabo baten edo bake kapitain baten agindupean eta beste bi errejidore eta gordailuzain baten laguntzarekin. Hala eta guztiz ere, <strong>Lezoko</strong> Unibertsitatea Hondarribiaren jurisdikziopean egon zen 1203tik XIX. mendearen lehen herenera arte, 1812ko konstituzioaren ondoriozko udala ezartzearekin batera, udalerri independente bihurtu baitzen. Dena den, horren aurretik, bi aldiz saiatua zen Hondarribitik bereizten, arrakastarik gabe, ordea. 1625ean, Martinez Isastik ondorengo terminoetan deskribatu zuen Lezo herria: “hállanse en el territorio de Lezo quince casas solariegas antiguas y una torre de buen edificio, que llaman palacio, a donde suelen posar los obispos que van a visitar” 1 16 1 MARTINEZ DE ISASTI, L.: Compendio historial de Guipúzcoa, in Cosas Memorables o Historia general de Guipúzcoa. Donostia. 5. <strong>liburu</strong>kia. Bilbo. La Gran Enciclopedia Vasca, 1972. 214-215 eta 482-490 or.
Lezo: ondarea eta hiri garapena Donibane, Lezo eta Hondarribiaren arteko mugarriak. Gipuzkoako Protokolo Historikoen Artxiboa (GPHA)(Oñati): 3/1725. 17